Diru laguntza programa honek lau ildo nagusi ditu: zerbitzu eta lehen sektoreko jarduerak indartzea, industria proiektu estrategikoak edo berritzaileak sustatzea, enplegua sortzea eta ekintzailetza bultzatzea. Azpeitiko Udalak azpimarratu duenez, deialdiak negozio mota guztietara iristea du helburu.
Aurtengo deialdiak hainbat berrikuntza dakartza. Besteak beste, bertako produktuen kontsumorako laguntzak 12.000 eurora igo dira, eta zerbitzu sektoreko inbertsioen artean soinu mugatzaileen instalazioa sartu da. Gainera, psikoneurologiako jarduerak diruz lagunduko diren zerrendan gehitu dira.
Merkataritzari dagokionez, denda fisikoa izatea ezinbesteko baldintza izango da laguntzak jasotzeko. Ekintzailetzaren arloan, enpresa bat hainbat pertsonak osatzen badute, Azpeitian erroldatuta daudenek bakarrik izango dute laguntza jasotzeko aukera.
Eskaerak udalaren egoitza elektronikoaren bidez, erregistro orokorrean edo Azpeitia Berritzen bulegoan aurkez daitezke. Iazko deialdian 124 eskaera onartu ziren, eta udalak 483.417 euro banatu zituen guztira.




