Matematikoki uztailaren 4tik txapeldun zen arren, Badok 13 Orio arraun taldeak ofizialki jaso du saria asteburu honetan, beteranoen denboraldiaren amaieran. Plentzian (Bizkaia) jokatu zen estropadan, ligako 11. bandera eskuratu zuen taldeak –guztira hamabi jokatu dira–. Sari banaketa ekitaldia "berezia" izan dela nabarmendu dute, Iñigo Urkullu lehendakariak eman baitzien txapela, izan ere, eAtlantic fundazioko presidentea baita, liga babesten duen erakundea.
Aurten, eAtlantic ligan 24 traineruk hartu dute parte, hamabi taldetako bi mailatan banatuta. Maila nagusian, Badok 13 Orio izan da nagusi.
Sailkapen nagusian, Oriok 143 puntu bildu ditu. Atzetik, Donostiarra Fortuna eta Zumaia taldeak geratu dira berdinduta, biek 112 punturekin.
Bestalde, Badok 13ren bigarren traineruak ere denboraldi aipagarria egin duela adierazi dute elkartekoek. Beteranoen B ligan aritu dira, eta sailkapen orokorrean hamabitarik laugarren postua eskuratu dute.




