Sutea apirilaren 2ko arratsaldeko hirurak aldera piztu zen Erdikaleko 27 zenbakidun eraikineko bigarren solairuko etxebizitza batean. Nahiz eta suhiltzaileek azkar kontrolatu eta itzali zuten, eta hirugarren solairuko bi bizilagun erreskatatu zituzten, kalte materialak oso handiak izan ziren.
Hondamendiak eragindako kalteen ondorioz, eraikineko bost etxebizitzetako bizilagunak etxetik kanpo daude oraindik, beren etxeetara sartu ezinik. Eraikinaren egiturak ez zuen kalterik jasan, baina erretako hondakinak kentzeko lan handia dago egiteko, eta horrek atzeratu egiten du bizilagunen itzulera.
Eraikinaren beheko solairuan dagoen Korrale taberna ere itxita egon da sutea gertatu zenetik. Tabernako jabeek adierazi dutenez, gasa, argia eta bestelako azpiegiturak ondo zeudela ziurtatzeko kontrolak egin ondoren lortu dute berriro irekitzeko baimena.




