Azpeitiko Gaztetxeko kideek arratsalde-iluntze borobila izan zuten ostiralean, Gazte Astearen baitan. Astelehenetik aurrera murgilduta daude ekitaldi honetan, eta atzokoa izan zen egitarauko egun garrantzitsuenetako bat, aldarrikapena eta festa giroa uztartuz.
Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, dantza poteoa egin zuten hainbat dantzarik trikitilarien laguntzarekin. Plazarik plaza erromeria giroa zabaldu zuten, plaza nagusira iritsi arte. Bertan, parrillada bat antolatu zuten sabelak betetzeko.
Parrillada amaitu ondoren, 22:00ak aldera, Gazte Astearen barruan umorezaleen artean oso gustuko bilakatu den parodia hasi zen. Jende ugari bildu zen udaletxearen azpiko arkupeetan, eta giro ederra sortu zen.
Gaur bukatuko dira Gazte Asteko ekintzak. Goizean Xoxotera mendi irteera egingo dute, eta 11:00etan, Xoxotera Igoera proba. Lasterketaren ostean, hamaiketakoa eta sari banaketa ekitaldia egingo dituzte Xoxoten bertan.




