Arrasate ko Araba etorbidea berrurbanizatzeko lanak hasi dira ofizialki. Zehazki, Araba etorbideko 30. zenbakitik Takoloko biribilgunerainoko tartea hartzen dute esku-hartzeek. Construcciones Artzamendi SA enpresak gauzatuko ditu lanak, eta bederatzi hilabeteko epean amaitzea espero da. Guztira, 542.321,42 euro ko aurrekontua du proiektuak, BEZ barne.
Proiektuaren helburu nagusietako bat bidegorri berria integratzea da. Horretarako, 300 metro inguruko tarte berria sortuko da oinezkoentzako plataforman, ibaitik gertuen dagoen espaloian. Urbanizazioa berrantolatu egingo da bidegorria segurtasunez txertatzeko, galtzadaren zabalera zertxobait murriztuz, baina zirkulazioaren noranzko bakoitzean bide bat mantenduz beti, obra zinegotzi Kepa Urteagak aurkezpenean azaldu bezala.
Bidegorriaz gain, beste hainbat hobekuntza ere egingo dira. Aparkalekuak eta zoladura eraberrituko dira. Egun oinezkoen plataforman dagoen aparkaleku txikiaren kota jaitsi egingo da, ibilgailuek errepidetik aparkatu ahal izateko. Gainera, aglomeratua azalera osoan berrituko da eta Fagor Elektronika ondoko espaloiaren zoladura ere aldatuko da, bi aldeetako espaloiak estetika berdinarekin lotzeko.
Lanak lurpeko azpiegiturak berritzeko ere baliatuko dira, bereziki ur-hornidura, euri-uren saneamendua eta argiteria publikoa. Energia elektrikoaren eta gasaren hornidura-sareak ere ukituko dira, eta aireko sare elektrikoaren zati bat lurperatu egingo da.
Obren hasierak eragin zuzena izango du inguruko zirkulazioan. Gaurtik aurrera, trafiko desbideraketa garrantzitsu bat jarriko da indarrean. Etorbideko errei bat itxiko da txandaka eta zatika, eta Arrasaterako noranzkoan doan trafikoa 17 Emakume eta Azeri kaleetan zehar desbideratuko da. Aurreikuspenen arabera, desbideratze honek bi hilabeteko iraupena izango du.
Maider Morras alkateak nabarmendu duenez, proiektu honek Arrasate jasangarriago bat eraikitzeko urratsa suposatzen du, oinezkoen mugikortasuna eta garraio garbiak lehenetsiz. Horrez gain, San Andres auzoko Araba etorbidearen berrurbanizazioa osatuko du, kale osoari amaiera emanez. Alkateak gaineratu du proiektu hau auzo guztiak biziberritzeko plan integralaren parte dela.




