Nahiz eta Azpeitia saririk gabe itzuli den, udalak adierazi du “lorpen handia” izan dela finalisten artean egotea. Udalerria bost hautagaitzaren artean lehiatu da, Errenteria eta Orio (Gipuzkoa), San Xoan de Río (Galizia) eta Mariscovetere (Italia) udalerriekin batera.
Azkenean, Errenteriak urrezko domina eskuratu du, Oriok zilarrezkoa eta San Xoan de Riok brontzezkoa. Azpeitiaren hautagaitza baloratu zen, besteak beste, LGTBIQ+ kolektiboaren beharrak erdigunean jartzeagatik eta aniztasuna eta inklusioa udal-politiketan modu eraginkorrean integratzeagatik.
Azken bi urteetan, udalerriak diagnostikotik ekintza zehatzak martxan jartzeraino doan prozesu bat garatu du, hainbat eragilerekin elkarlanean. Ibilbide hori kontuan hartu du Bruselak sariak emateko orduan.




