Azken urteotan herriko ostalaritza-establezimenduen egoera aldatu egin da, zenbait itxi eta beste batzuk ireki direlarik. Bilakaera horren aurrean, udalak beharrezkotzat jo du ostalaritzan eta aisialdi-jardueretan arituko diren establezimenduak jartzeari buruzko udal-agintaritza aldatzea. Jarduera horien banaketa eta irekiera baldintzak hobeto arautzea da helburua.
Azaroaren 3an egindako udalbatzarrean eman zioten hasierako onarpena ordenantza aldatzeari, aho batez. Zehazki, 11. artikulua aldatuko da, tarteak eta behar bereziko eremuak arautzen dituena. Proposamena jendaurrean dago, herritarrek ekarpenak egiteko aukera izan dezaten abenduaren 28ra arte.
Aldaketak jasotzen du orain arte saturatutako eremutzat hartzen ziren eremuak aurrerantzean betebehar bereziko eremutzat hartzea. Horietan lizentzia berriak emateko aukera zabalduko da, betiere muga batzuk errespetatzen badira. Udal ordenantzak zehazten du eremu bakoitzean gehienez zenbat ostalaritza-establezimendu egon ahal izango diren, eta establezimenduen arteko gutxieneko distantziaren betebeharra ere egokitu egin da.
Lehen bezala, 25 metroko tartea errespetatu beharko da, baina 3. eta 4. taldeetako establezimenduen artean soilik.




