Ekitaldia 18:00etan hasiko da eta Azpeitiko bizilagunen testigantzak biltzen dituen ikus-entzunezko lana proiektatuko da. Dokumentalaren helburu nagusia kolektiboaren bizipenak erdigunean jartzea da, urte luzez isildutako memoria kolektiboa eraikitzen laguntzeko eta erreparazioan sakontzeko.
Lana Eihera Kooperatibak garatu du, aurretik herrian egindako diagnostikoaren egile berak. Dokumentala sentsibilizazio tresna gisa erabiliko da, eta etorkizunean herriko ikastetxeetan ere erakustea aurreikusten du Udalak.
Proiekzioaren ondoren, bertaratzen direnek proiektuari buruzko galderak egiteko aukera izango dute. Gainera, musika izango da protagonista, emakumeen ahalduntze eskolako DJ tailerrean parte hartu duten ikasleen eskutik.




