Euskal Dantzak Ardatz Azpeitia Dantzan Ekimenaren Lehen Emanaldian

Luix Beltzaren eta Juan Antxieta musika eskolako ikasleek ikuskizun jendetsua eskaini zuten Soreasu antzokian, Gipuzkoako eta Bizkaiko dantzak nabarmenduz.

Euskal dantza emanaldi bat antzokian, trikitixa eta txistu musika lagun dutela.
IA

Euskal dantza emanaldi bat antzokian, trikitixa eta txistu musika lagun dutela.

Azpeitia Dantzan egitasmoaren lehen hitzordua izan zen atzo arratsaldean Soreasu antzokian, Luix Beltzaren dantza eskolako eta Juan Antxieta musika eskolako ikasleen eskutik.

Ia leporaino bete zen antzokia, eta bertan, ehun dantzari inguruk euskal dantzak eskaini zituzten, musika eskolako trikitilariek eta txistulariek lagunduta. Emanaldiak batez ere Gipuzkoako nahiz Bizkaiko dantzak izan zituen ardatz, eta Ipar Euskal Herriko dantzekin bukatu zen. Halaber, Xabi Solanoren eta ETSren hainbat abestiren doinuekin ere egin zuten dantza agertokira igo zirenek.
Atzokoa ez zen izan aurtengo Azpeitia Dantzan egitasmoko hitzordu bakarra. Aurrerantzean, beste hiru dantza emanaldi izango dira. Hurrengo igandean, Jose Mari Orbegozoren Dantzaki eskolakoen txanda izango da. Ondoren, uztailaren 11n eta 19an, Sahatsa eta Itsasi dantza taldeek eskainiko dituzte beraien emanaldiak, hurrenez hurren.
Emanaldi guztietarako sarrerak doakoak izango dira, baina aldez aurretik hartu beharko dira Kulturaz kooperatibaren webgunean.