Darahli elkarteak piztu zuen atzo, asteartea, Azkoitiko San Joan bezperako sua. Udalak ekitaldi berezi hau baliatu zuen elkarte horrek Saharako herriaren alde azken urteetan egindako lana eta erakutsitako konpromisoa aitortzeko.
Sua pizteko ekitaldian, Azkoitian bizi diren Saharako zenbait emakumek eta Darahli elkarteko Leire eta Irati Lizarralde ahizpek hartu zuten parte, Ana Azkoitia alkateak eta Igor Isuskiza zinegotziak lagunduta.
Aurretik, Sahatsa dantza taldeko kideek Gipuzkoako ezpata dantza eskaini zuten Alde Zaharrean zehar. 21:30 aldean kalera irten ziren dantzan, eta alkatearen eskutik herriko bandera jaso ondoren, plazan eskaini zuten lehenengo dantzaldia. Eliz atarian bigarren geldialdia egin eta gero, 22:00etarako iritsi ziren Balda plazara.
Gukak herriko alkatearekin eta Darahli elkarteko Lizarralderekin hitz egin zuen atzoko aitortza tarteko.
Sua piztu eta bere garrak apur bat baretu ondoren ekin zioten berriro dantzan Sahatsako dantzariei.




