Eskolara Oinez egitasmoaren probaldia egingo dute ekainean Azkoitian

Udalak eta bi ikastetxek elkarlanean jarri nahi dute martxan programa, haurrak eskoletara oinez joan daitezen.

Irudi generikoa haurrak eskolara oinez doazela.
IA

Irudi generikoa haurrak eskolara oinez doazela.

Azkoitiako udalak, Floreaga ikastetxearekin eta Xabier Munibe ikastolarekin elkarlanean, Eskolara Oinez egitasmoaren probaldia egingo du ekainaren bigarren astean, haurrak eskoletara oinez joatea sustatzeko.

Lehen Hezkuntzako ikasleek Eskolako Agenda 2030 programaren barruan egindako lanketaren emaitza gisa, udalak bi ikastetxerekin elkarlanean jarri nahi du Eskolara Oinez egitasmoa martxan. Aurreko astean bilera informatibo bat egin zuten gurasoekin, eta horren ondotik, datorren hilean egitasmoaren probaldia egitea erabaki dute. Udalak jakinarazi duenez, ekaineko bigarren astean bizpahiru egunetan egingo dute saiakera, eta erantzuna ona bada, datorren ikasturtean ezarriko dute programa herrian.
Egitasmoaren helburua da herriko haurrak eskoletara oinez joatea, horrela autoen erabilera murriztuz. Antolatzaileak ohartarazi dute gero eta gehiago erabiltzen dela autoa ibilbide laburretarako, eta horrek airearen kutsadura, eskola inguruetako auto-ilara eta arrisku egoerak sortzen dituela, baita umeek jarduera fisiko gutxiago egitea ere. Kontrara, egunero oinez "pixka bat" egiteak onura ugari dituela azpimarratu dute, hala nola autonomia eta ardura lantzea, umeen arteko harremanak sendotzea, eta umeak eskolara "alai eta erne" iristea, ikasketa emaitzak hobetuz.
Udalak azpimarratu du proiektuaren xedea dela herrian "mugikortasuna hobetzea" eta Azkoitia familientzako leku "osasungarriagoa", "seguruagoa" eta "atseginagoa" izatea. Era berean, mugikortasun jasangarriaren aldeko keinu bat da. Ikasleak oinez eta taldean joango dira eskoletara, eta funtzionamenduaren itxuragatik, "oinezkoen autobusa" izena ere jarri diote. Irteera puntu eta ordutegi zehatzak izango ditu talde bakoitzak, eta geralekuak ere izango dituzte bidean zehar, ume gehiago taldera batzeko. Guraso boluntarioak izango dira talde bakoitzean, haurren segurtasuna bermatzeko.
Irteera puntuak eta ordutegiak zehaztuta daude: Altzibarko Anaitasuna plaza, Txalonerreka auzoa, Floreaga auzoko parkea, Santa Klara kalea, Altamira auzoa eta Trenbidearen Zumardia kalea. Sei puntu horietatik abiatuko dira oinezkoen autobusak, eta lau ibilbide diseinatu dituzte eskoletara iristeko. Zenbait kasutan, sei puntuek bat egingo dute: Altamiratik eta Trenbidearen Zumarditik abiatutako taldeek liburutegiaren parean bat egingo dute, eta Altzibar zein Jausoro auzoetatik doazen ikasleak Aingeru kaleko iturrian elkartuko dira.
Haurren segurtasuna bermatzeko, txaleko identifikatzaileak soinean jantzita eramango dituzten guraso boluntarioen laguntza izango dute. "Egitasmoak funtziona dezan, ikastetxe bakoitzean familia boluntarioen talde txiki bat osatu beharko da", azaldu du udalak. Joan den asteko bileran parte hartu zuten gurasoak prest agertu dira, baina aurreratu dute horiekin bakarrik ezin dela gauzatu egitasmoa; guraso gehiago behar dira. Horretarako, bi ikastetxeetako gurasoei deialdia luzatuko diete boluntario gisa aritu daitezen eskatuz. Haur Hezkuntzako zein Lehen Hezkuntzako ikasleak ere animatu dituzte proiektuan parte hartzera.