Atzo Urola Erdiko erromeria lekuei buruzko erakusketa zabaldu eta Iñaki Garmendia Laja trikitilariaren Ordu txikitako saioak diskoa aurkeztu ondoren, Trikiti Egunaren bosgarren edizioa ari dira ospatzen gaur Azkoitian. Aurreko egunetako berorik gabe, hainbat lagun aritu dira goizaz geroztik soinu txikia hauspotzen eta panderoak astintzen. Trikigiro elkarteak antolatu du ekitaldia, Azkoitiko Udala ren eta Um Blem Ble tabernarien elkartearen laguntzarekin.
Goizean, San Martin auzoko baselizaren atarian, trikitilari talde batek argazkia atera zuen Ana Azkoitia alkatearekin. Ondoren, taldeka banatuta, herrian zehar ibili dira partaideak trikiti piezak eskaintzen. Eguerdiko kalejira nagusia Julio Urkixo etorbidetik abiatu da, eta plazara iristearekin batera, taldeko argazkia egin dute.
Festa ez da kalejirekin amaituko; ehundik gora lagunek bazkaria egingo dute plazan. Bazkalondoan, berriz, erromeria izango da, eta 18:00etatik 22:00 ingurura bitartean trikitilariak igoko dira plazako agertokira.




