Kulturaz Kultur Kooperatibak antolatu du erakusketa hau, DOI izeneko programaren baitan. Bertan, sormen egonaldian sortutako lanak biltzen dira. Foru Ibilbideko aretoa zabalik egongo da astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan, larunbat eta igandetan, 12:00etatik 14:00etara.
Asier Itulain (Azpeitia, 2004) ilustratzaile eta diseinatzaile gaztea da. Bere lanetan, testuak osatzeko eta interpretatzeko ilustrazioaren potentziala azpimarratzen du, testuarekin batera osotasun bakarra osatuz. Bere sorkuntzak sentimendu pertsonal eta sakonekin lotzen ditu, barnean sentitzen duena irudira eramanez.
Diseinuko ikasketak eta arte ibilbide bat uztartuz, Itulainek artea eta diseinua ez ditu aurkari ikusten, elkarri eragiten dioten bi ikuspegi baizik. Horrek ilustrazioa eta diseinua modu askeago eta berritzaileagoan lantzeko aukera eman dio, bere Gradu Amaierako Lana proiektua lantzeko baliatu duena.




