Eguraldiak, oro har, lagundu egin du festetan, nahiz eta abuztuaren 15ean euri jasagatik bertan behera geratu zen buruhandi eta erraldoien kalejira. Gainera, gimnasia erritmiko taldearen emanaldia eliza ataritik Elkargunera lekualdatu behar izan zen.
Herritarrek harrera beroa egin zieten festei. Bost egunez, adin eta publiko guztiei zuzendutako 60 jardueratik gora izan dira. Irudi politak utzi dituzte, besteak beste, Salbeak, erraldoi eta buruhandien kalejirek, kontzertuek, kaleko emanaldiek, zaldi eta behorren txapelketak, film laburren lehiaketak, su artifizialek, 90 urteko gizon-emakumeei egindako omenaldiek edota bazkari herrikoiak.
Kirolak ere presentzia nabarmena izan du, eta jendetza erakarri dute pilota partidek, Euskal Herria Koparen finalerdiak, herri-kirolek edota atletismo probek.
Udalak balorazio sakonagoa egingo du irailean, logistikari eta programazioari dagokienez hobetu daitezkeen alderdiak aztertzeko. Dena den, festen lehenengo estimazioa positiboa da.
Era berean, Udalak eskerrak eman nahi dizkie dena ondo atera dadin lagundu duten udal barruko zein kanpoko pertsonei, erakundeei eta elkarteei. "Jaietan, jende askok egiten du lan jarduera guztiak ondo garatzeko, segurtasuna zaintzeko, edo kale-garbiketa bermatzeko. Denei eskerrak eman behar dizkiegu, haien laguntzarik gabe ezingo genukeelako festarik ospatu", adierazi du Udalak.
Jada gutxi geratzen da hurrengo Andra Marietarako.




