Azpeitiko Udalak baimena eman du Amueko eremuan kokatutako Corrugados Azpeitia lantegi zaharraren eraisketa lanak hasteko. Duela urte batzuk itxi zen enpresa honen eraikinak daude eremu horretan, eta udalak jakinarazi duenez, enpresak berak baieztatu du "laster" hasiko direla eraisketa lanekin.
Amueko eremuak bederatzi hektarea hartzen ditu herrigunearen erdian. Horietatik zazpi hektarea industria gune zaharkituek betetzen dituzte gaur egun, baina udalaren arabera, laster "itxura guztiz ezberdina" izango du. Nagore Alkorta alkateak adierazi duenez, "enpresarekin harremanetan gaude, eta baieztatu digute laster hasiko direla eraikinak botatzen".
“"Albiste oso pozgarria da herriarentzat, urte luzez geldirik egon den gune bat biziberritzetik gero eta gertuago gaudelako. Amueko eraldaketak eragin zuzena izango du Azpeitiko erdigunean, espazio erabilgarriagoak eta atseginagoak sortuko baitira herritarrentzat."
Lur horien jabeari dagokio eraisketa lanak egitea, eta prozesuak hainbat fase izango ditu: eraikinak barrutik hustu, eraikinak bota eta lurra deskutsatu. Prozesu hori amaitu ondoren, eremua beste erabilera batzuetarako prest egongo da. Udalak aste batzuk barru emango ditu epeei buruzko xehetasun gehiago.
Gaia Azpeitiko Udaleko Gobernu Batzordean landu zen atzo, eta aho batez onartu zen eraisketarako baimena ematea. Azpeitiko Udalak 2024an onartu zuen behin betiko Amueko eremurako plan berezia. Plan horren arabera, etorkizunean espazio horretan etxebizitzak eta herri erabilerarako ekipamendu komunitarioak eraikitzea aurreikusten da.




