Talde zarauztarrak denboraldi bikaina osatu du, ligan porrotik ezagutu gabe, eta igoera fasean ere nagusi izan da. Duela bi urte lortutako igoera errepikatu du, baina oraingoan Las Palmas Kanaria Handiko aireportutik gertu dagoen Carrizal de Ingenio herrian izan da.
Aurreko igoeran, azken segundoan lortutako gol batek erabaki zuen partida, baina oraingoan Mikel Aguirrezabalaga entrenatzailearen taldearen nagusitasuna erabatekoa izan da. Igoera faseko III. multzoko hiru jardunaldietan erakutsi dute beren maila.
Liga erregularra 60 puntutik 59rekin amaitu zuten, eta igoera fasean ere ezin izan zaie aurre egin. Ostiralean Mubak La Roca (37-30) taldea garaitu zuten, eta larunbatean, berriz, etxeko Balonmano Ingenio (30-37) taldea. Horrela, Sant Joan taldea garaituz gero, zuzeneko igoera ziurtatuta zuten.




