Aurreikuspenen arabera, 2031n, lau azpeitiarretik batek 65 urte baino gehiago izango ditu; 80 urtetik gorakoak %39,7 gehiago izango dira; eta mendekotasunen bat dutenak %32 gehiago. Bien bitartean, zaintzaile potentzialen tasa %18 jaitsiko da. Egoera horri aurre egiteko prestatu dute plana.
Duela urte eta erdi inguru hasitako lanketa baten emaitza da Zaintza Plana. Herritarren parte hartzea bultzatu da, eta horretarako, Udalak hainbat eragilerekin harremanetan jarri zen, elkarlanerako bide bat abiatzeko, eta horrela sortu zen Zaintza Mahaia. Mahaia zaintzaren inguruko ikuspegi, esperientzia eta errealitateak partekatzeko gunea da.
Plana egiteko, diagnostiko bat egin da: 233 galdetegi jaso eta 52 pertsona elkarrizketatu dira (profesionalak, zerbitzu-hornitzaileak, zaintzaileak, komunitateko eragileak eta zaintza jasotzen duten pertsonak). Jasotako ekarpenetatik abiatuta, 15 erronka identifikatu dira, eta horiei erantzuteko lan ildoak eta ekintza proposamenak landu dira.
Plana bide orri bizia izango da, unean uneko beharretara egokitzen joango dena. Aurkezpenean, epe labur eta ertainean garatu nahi diren zenbait proiektu konkreturen berri emango da: besteak beste, egoitza zentro berriaren proiektuaren egoera, eguneko arreta zerbitzua, babesgune klimatikoak, Etxekolan programa eta komunitateko zaintza sareak indartzeko ekimenak.




