Urola Erdiko lau ikastetxek, Ikasberri Ikastola, Izarraizpe BHI, Iraurgi Ikastetxea eta Azkoitia BHI, beren IKASEKIN Estrategia prozesuan egindako aurrerapenak, zailtasunak eta ikaskuntzak partekatu dituzte, elkarren esperientzietatik ikasteko helburuarekin. Iraurgi Berritzenek sustatutako prozesu honen azken saio kolektiboan bildu ziren ikastetxeetako zuzendaritza-taldeak.
Azken hilabeteetan, ikastetxe bakoitzak bere erronka estrategiko bat identifikatu eta horri erantzuteko proiektu zehatza diseinatu eta planifikatu du, Nerea Urkolaren aholkularitzarekin. Ongizatea, irakasleen erantzukidetasuna, lidergo partekatua eta inklusioa izan dira landutako gai nagusiak.
Azaroaren 12ko saioan, ikastetxeek egindako ibilbidea, lortutako aurrerapenak, izandako zailtasunak eta hurrengo pausoak partekatu zituzten. Hausnarketa kolektiboan hainbat gako nabarmendu ziren: proiektuak ikastetxearen kulturarekin eta estrategiarekin lotzea, lan-talde orekatuak osatzea, prozesua bultzatzen duten pertsonak alboan izatea eta aldaketak gauzatzeko pertseberantzia mantentzea.
Bereziki, ikastetxeen arteko esperientzia-trukearen balioa azpimarratu zuten. Besteen ibilbideak ezagutzeak aukera eman die beren proiektuak kontrastatzeko eta aurrera begirako ikaskuntzak jasotzeko. IKASEKIN Estrategiak ikastetxeen garapen estrategikoa eta elkarren arteko ikaskuntza sustatzen jarraitzen du, hausnarketatik ekintzara igarotzeko eta hasitako proiektuei jarraipena emateko.




