Bi udalerri hauek, Bergararekin batera, dagoeneko 21 euskal udalerri dira "zona tensionada" gisa aitortuak, eta horrek Euskadiko biztanleriaren %55 baino gehiago, 1.198.000 pertsona, hartzen ditu bere baitan. Deklarazio honek etxebizitza sustapen berriak, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea, birgaitzea eta alokairurako laguntzak uztartzen dituzten hiru urteko ekintza planak aurreikusten ditu.
Sopelan, salerosketa prezioa %28,3 igo da 2019 eta 2024 artean, 250.115 eurotik 320.798 eurora. Urdulizen, alokairuaren batez besteko hileko prezioa %19,6 igo da 2018 eta 2023 artean, 716,3 eurotik 856,9 eurora. Bi kasuetan, prezioen igoerak etxebizitzaren legeak ezarritako irizpideak betetzen ditu.
Sopelako ekintza planak etxebizitza eskuragarria zabaltzeko sustapen berriak aurreikusten ditu, batez ere Abaro eremuan, non 602 etxebizitza proiektatzen diren (490 babestuak eta 112 libreak), nahiz eta garapena zain dagoen kasazio-errekurtsu baten ebazpenaren menpe. Ripa sektorean, udalak antolamendu berria planteatzen du eta etxebizitzen %75 babes publikoko erregimenen bat izango duela aurreikusten da.
Gainera, Sopelak hutsik dauden 805 etxebizitza identifikatu ditu eta horiek alokairu eskuragarrian sartzeko neurriak hartuko ditu, hala nola IBIren gaineko errekargua handitzea eta Bizigune programan sartutako etxebizitzei %99ko hobaria ematea. Era berean, lokal hutsak etxebizitza bihurtzea eta turismo- etxebizitzen erabilera arautzea aurreikusten du, erregistratutako 74 etxebizitzarekin.
Gazteentzako eta zailtasunak dituzten familien sarbidea errazteko, Sopelako planak Gaztelagun eta Emantzipa programak sustatzen ditu, baita premiazko gizarte-prestazioak ere. 1.693 eskaera aktibo daude, horietatik %58,9 alokairuari dagokio.
Urdulizen, 1.019 etxebizitza garatu daitezke, horietatik 436 babestuak eta tasatuak izatea aurreikusten da. Osteiko A.41 eremuan 762 etxebizitza proiektatzen dira, gutxienez 572 babestuak. Gainera, bi udal partzela erabilera soziodotazionalerako lagatzea aztertuko da.
Urdulizko planak etxebizitza hutsen egoera aztertuko du eta horren arabera, etxebizitza hutsen gaineko kanona edo IBIren errekargua aplikatzea baloratuko du. Bizigune programan bost etxebizitza eta ASAP programan bat sartu dira. Era berean, turismo- etxebizitzen bilakaera kontrolatuko du.
Prestazioen arloan, Urdulizek Gaztelagun eta Emantzipa programak zabalduko ditu, eta etxebizitzarako eskubide subjektiboari lotutako prestazioei eta premiazko gizarte-laguntzei eutsiko die.




