Jaialdiaren gune nagusietako bat LAN gunea izango da, 150 ekiporentzako espazio itxia, non parte-hartzaileek hiru egunez sarean jokatu, lehiatu eta esperientziak partekatu ahal izango dituzten. Horrez gain, Link Up Plaza izeneko gune irekia ere egongo da, herritar guztiei zuzenduta, eta bertan kontzertuak, erakustaldiak, tailerrak, bideojokoak, gastronomia eta bestelako jarduerak eskainiko dira.
Egitaraua barikuan, ekainaren 19an, hasiko da inaugurazio-ekitaldi ofizialarekin, 12:00etan. Egun horretan bertan, besteak beste, 3D boligrafoaren tailerra, Tekken 8, Mario Kart eta FC txapelketak, moddingari eta adimen artifizialari buruzko saioak, Game Boyrako jokoak sortzeari buruzko hitzaldia, Fisicomic bakarrizketa eta zinema-quiz bat izango dira.
Zapatua izango da jarduera gehieneko eguna. Goizean yoga saioa, Star Wars unibertsoan inspiratutako Legion 501 en desfilea eta bideojokoen eraldaketa sozialari buruzko hitzaldia izango dira. Arratsaldean, berriz, K-Pop Challengea, arte digitaleko tailerra, sare sozialen erabilerari eta osasun mentalari buruzko solasaldia, cosplay lehiaketa, Random Dancea eta bideojokoen finalak ospatuko dira.
Domekan, berriz, Magic karta-txapelketa, LudoSport erakustaldia eta 42 Urduliz Bizkaia k eskainiko dituen familientzako programazio eta adimen artifizialeko tailerrak izango dira, besteak beste.
Urduliz Link Up irabazi-asmorik gabeko ekimena da, Urdulizko Udalaren laguntzarekin. Antolatzaileen helburua kultura digital osasuntsua, sormena eta komunitatea sustatzea da, familia-giroko jaialdi baten bidez eta teknologiarekiko zaletasuna belaunaldi ezberdinen artean partekatzeko aukera eskainiz.




