Denboraldiaren une erabakigarrian sartu dira Urdaibai Eskubaloiko senior taldeak. Gizonezkoen taldeak igoera fase finalerako txartela ziurtatu du jada, azken jardunaldian Ordiziaren aurka Bermeoko Arane kiroldegian 34-32 irabazi ondoren.
Hasieran, Ordiziak hobeto ekin zion partidari, eta etxekoen hasierako urduritasuna aprobetxatu zuen lehen zatian aurretik jartzeko, atsedenaldira 16-17ko abantailarekin iritsiz. Aldageletatik bueltan, ordea, kostaldeko taldeak hobeto jokatu zuen eta defentsa sendoagoa erakutsi zuen, bigarren zatiaren erdian lau goleko aldea lortuz. Nahiz eta bisitariak azken minutuetan estutu, etxekoek garaipena lortu zuten.
Sailkapena ziurtatuta, Urdaibai taldeak ligaxkako azken partida jokatuko du datorren asteburuan Urdulizen aurka, Berangon. Bizkaiko taldeak bigarren postua lortzeko aukera ere badu, eta horrela fase finala anfitrioi gisa jokatzeko aukera izango luke. Gaur egun, hirugarren postua partekatzen du Hondarribiarekin, biek bost puntu dituztelarik.
Klubeko emakumezkoen taldeak, bestalde, Bizkaiko Kopako partida berri bat jokatuko du datorren asteburuan San Adriani aurka Mundakan, oraindik sailkapenerako borrokan jarraitzeko aukerekin. Taldea Kukullagaren aurka 41-35 galdu ondoren iritsi da hitzordu honetara, Etxebarrin jokatutako partida “oso erasokor” batean. Kopa lehiaketa hasi aurretik, Bermeoko eta Mundakako neskek euskal liga seigarren postuan itxi zuten, Zarautzen aurka 33na berdindu ondoren Mundakako Isla Kale kiroldegian. Klubeko iturriek adierazi dutenez, “ikasturte zaila izan dugu jokalariek izandako lesioengatik”.




