Gertakariak asteartean, apirilaren 15ean, gaueko 22:00ak aldera jazo ziren, Urdulizko geltokian. Radio Bilbaok jakinarazi duenez, bederatzi grafitero sartu ziren metroaren instalazioetan unitate bat margotzeko asmoz.
Segurtasun zaindariak ekintza hori geldiarazten saiatu zirenean, taldeak haien aurka egin zuen. Erasoaren ondorioz, Ertzaintza eta osasun zerbitzuak bertaratu ziren. Zaindariak lekuan bertan artatu zituzten eta, ondoren, anbulantzian eraman zituzten Urdulizko Ospitalera.
Erasoa jasan zuten bi zaindariek lesioengatik salaketak jarri dituzte. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez, ikerketa bat abiarazi da Urdulizko geltokian gertatutakoa argitzeko eta erantzuleak identifikatzeko.




