Berango Urduliz Eskubaloiaren igoera historikoa maila nazionalera

Maliañoko igoera fasean garaipen guztiak lortu ostean, taldeak bigarren aldiz lortu du maila gorenera igotzea.

Irudi generikoa: Eskubaloiko jokalariak garaipena ospatzen.
IA

Irudi generikoa: Eskubaloiko jokalariak garaipena ospatzen.

Berango Urduliz Eskubaloiko senior taldeak igoera historikoa lortu du Maliañon jokatutako igoera fasean garaipen guztiak eskuratuta.

Euskadiko txapelketan txapeldunorde geratu ostean, Berango Urduliz Eskubaloia taldeko neskek igoera fasea jokatzeko aukera izan zuten asteburuan, maiatzaren 22tik 24ra, Maliañon, Kantabrian. Fase "perfektua" osatu zuten hiru garaipen lortuta.
Taldeak lehen neurketa ostiralean jokatu zuen, Balonmano Villafrancaren aurka, eta 16-28ko emaitza argiarekin nagusitu zen. Larunbatean, El Pendo Camargo menderatu zuten 20-27, presio handiko testuinguruan ere sendotasuna erakutsiz. Domekan heldu zen amaiera borobila, Lanzarote San Jose Obreroren kontra; erritmo handiko norgehiagoka bizia izan zen, eta 29-34ko markagailuarekin itxi zuten fasea.
Emaitza horrekin taldeak bigarrenez lortu du maila nazionalera igotzea; lehenengoz beren merituengatik, aurrekoan gonbidapen bati esker igo baitziren. Gainera, taldeak "gotorleku" bat izan zuen harmailetan, Uribe Kostatik joandako zaletu ugarik pabiloiaren hiru laurdenak betetzera iritsi baitziren.
Banakako sariek ere taldearen maila islatu zuten: Ixone Aparicio aukeratu zuten txapelketako atezain onena, eta Leize Zuluaga k jaso zuen jokalari onenaren aitortza.
Diego Izquierdo entrenatzaileak azpimarratu du igoera ez dela ustekabeko arrakasta, 50 urteko harrobiko lanaren eta eskualdeko kirolaren alde egindako apustuaren emaitza baizik. "Garaipenak lortzeko modurik errazena ez bada ere, gure filosofia jarraitzen saiatzen gara, eta gure jokalariek kimuetatik seniorretara egiten dute ibilbidea; hala, txapelketa jokatu duten 19 jokalarietatik 18 harrobikoak dira", adierazi du.
Entrenatzaileak ohartarazi du mailaz igotzeak erronka ekonomiko eta logistiko handiagoa dakarrela taldearentzat, eta babesa ematen dieten enpresa-sareari laguntza eskatu dio proiektua maila nazionalean sendotu eta emakumezkoen eskubaloiak Uribe Kostan ezartzen jarraitu dadin. "Orain, gure helburua mailari eustea eta ahalik eta gehien ikastea da, oso jokalari gazteak baititugu: nagusienak 25 urte ditu. Hala ere, ilusioagatik bada, hor ez gaitu inork irabazten, hori argi dugu", gaineratu du.