Espainiako Auzitegi Nazionalean, ekainaren 8tik 26ra bitartean, 16 lagun epaituko dituzte, ongietorri ekitaldian parte hartzeagatik "terrorismoaren gorazarrea" egotzita. Mobilizazioan amnistiaren aldeko banderak, ikurrinak eta Palestinako banderak nagusi izan ziren, eta aldarrikapena preso politikoen auzitik harago zabaldu dute parte-hartzaileek.
Antolatzaileek prozesua "adierazpen askatasunaren eta militantzia politikoaren aurkako" erasoa dela azpimarratu zuten, eta herri-erantzuna artikulatzeko deia egin zuten martxan. Berangon egindako amaierako ekitaldian, espetxetik bidalitako bertso baten audio-grabazioa entzun zuten manifestariek, eta auzipetutako bi lagunek hitza hartu zuten, "ongietorri askeak" aldarrikatzeko beharra nabarmenduz.
16 auzipetu gara, orotara 36 urteko kartzela eskaerak ditugu, 171 urteko inhabilitazioak, eta 76.000 eurotako isunak. Auzi honen garaipen edo porrota ez dago epaitegi faxista batek ezarriko duen epaian, Herriaren erantzun politikoan baizik. Eta gaur ikusiotakoak sententzia argia erakusten du, hemen herri aske baten aldeko grina dagoela.
Berangokoekin Elkartasun Komiteko kideek eskerrak eman zizkieten lau urte hauetan zehar babesa eta elkartasuna adierazi dieten eragile guztiei, Euskal Herri osoan zehar jasotako babesa nabarmenduz. Era berean, mobilizazioak lau urteotan jasotako babes-sarea agerian utzi zuela gaineratu zuten, eta epaiketari begira, datozen asteetan gertatzen denaren berri ematen jarraituko dutela iragarri zuten.




