Kaxilda Hernaez, Fraisoron jaio zen, Zizurkilgo etxe batean, non ezkongabeko amak eta umezurtzak hartzen zituzten. Bertan igaro zuen haurtzaroa, Donostiako Egia auzora joan zen arte. Bere bizitza mugimendu anarkistari eta emakumeen eskubideen eta askatasunaren defentsari lotuta egon zen.
Bere jarduera politikoaren ondorioz, 1934an atxilotu zuten lehergailuak eta propaganda anarkista zeramala, eta 29 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Guadalupeko Gotorlekuan eta Alcalá de Henaresen egon zen preso, 1936ko otsaileko hauteskundeen ondoren askatu zuten arte.
Gerra Zibila piztu zenean, Félix Likinianoren taldearekin batera, Aiako Harria eta San Martzial mendien defentsan parte hartu zuen. Irun galdu ondoren, Lapurdira joan zen, eta gero Kataluniara, Aragoiko frontean borrokatzeko. Emakumeak fronteetatik erretiratu ondoren, Bartzelonako lantegi batean milizianoen arropak josten aritu zen. Gerra galduta, Saint-Cyprien kontzentrazio esparruan sartu zuten, eta handik Baionara itzuli zen. Naziek Frantzia okupatu zutenean, erresistentziarekin kolaboratu zuen.
Parisko egonaldi baten ondoren, 1943an Biarritzera itzuli zen, eta bertan bizi izan zen 1992an hil zen arte. Donostiako Egia auzoan estimu handitan dute, eta auzotarrek behin baino gehiagotan eskatu diote udalari bere omenezko kale edo plaza bat jartzeko, nahiz eta proposamenak oraindik ez duen aurrera egin.
Bere jaioterrian, Zizurkilen, berriz, Martxoaren 8aren inguruko ekitaldien barruan, horma-irudi bat pintatu dute bere eta herriko emakume guztien omenez. Izaro Lizarraga herritarrak eta Arantxa Orbegozo tolosarrak margotu dute, eta bertan Begoña Gorosperenaren esaldi bat ageri da: “Andra! Zu zara bukatzen ez den sua!”, Biarritzen Kaxildaren hilarrian idatzita dagoena. Gorospek berak parte hartu zuen horma-irudiaren inaugurazio ekitaldian, joan den martxoaren 25ean.




