Uztailaren 1etik aurrera, asteazkenetik hasita, debekatuta egongo da Zumardi Txiki-n aparkatzea. Gune hori herritarrentzako eta oinezkoentzako disfrutatze espazio bihurtuko da. Horren harira, Udalak aparkaleku sistema berri bat ezarri du eta egoiliarrentzako plaza kopurua eta gaueko aparkalekuak handitu ditu.
Tolosako Udalak duela aste batzuk Alde Zaharreko bizilagunekin eta merkatari elkarteekin egindako bileretan jakinarazi zuenez, datorren asteazkenean hasiko da Zumardi Txiki-ren hustuketa. Udalerriko Mugikortasun Iraunkorraren Planaren arabera, jada ez da aparkaleku gune bat izango.
Horrela, espazio honen jatorrizko forma berreskuratuko da eta Tolosak klima-babesleku berri bat izango du. Horretarako, aparkalekuak kendu eta gunea topagune, aisialdi eta berdegune gisa egokituko da.
Aparkaleku horiek eten ondoren bizilagunen beharrei erantzuteko, Udalak plaza berriak sortu ditu Izaskun igoeran, Soldadu kalean eta Rondilla kalearen eskuinaldean. Gainera, beste 20 plaza gehiago aurreikusten dira eta Arrillaga plazan beste 62 plaza egokitu dira Alde Zaharreko egoiliarrentzat.
Gaueko aparkaleku neurri gehigarri gisa, Belate auzoan egoiliarrentzako gaueko aparkalekuak mantenduko dira, Alhóndiga parkingean 90 bonu eskainiko dira prezio merkean (hilabetean 20 eta 30 euro artean), eta OTAren ordenantza berriak egoiliarren txartelen banaketa bidezkoagoa bermatuko du.




