Eleberri honetan, Ugartek bizitza itogarri batetik ihes egin nahi duen ahots narratibo bat sortu du. Idazlearen ustez, antsietatez eta autoesplotazioz betetako bizimodua daramagu gaur egun, eta askok sentitu dugu, protagonistak bezala, planto egiteko beharra.
“"Askotan gure senak edo gure gorputzak esaten digu beste bide bat hartu behar dugula, tope batera iritsi garela, eta bizimoduz aldatu behar dugula."
Irakurlea protagonistaren eskutik ibiliko da erabaki horren tolesetan, eta deskubrituko du aldaketak mugimendua, albo-kaltea, kontraesana, zalantza eta deserosotasuna dakarrela. Eleberriaren hari narratiboa hiru gai nagusik osatzen dute: lanbideak, harremanek —bereziki, familiarekikoek— eta baserriak.
Alejandra Garmendia, Alex izenez ezaguna, urteetan gidoilari aritu da, emakume ezezagunen bizitzak argitara ekarriz eta diru asko irabaziz. Nahiz eta profesionalki enkargu berriak izan, ezin duela horrela jarraitu konturatzen da. Sormena eskatzen dio senak, idazkera libreago bat. Horrela, ia ezkutuan, bere bizitzari buruzko eleberri bat idazten hasten da.
Ez da kasualitatea irudimena ustiatzeaz bizimodua ateratzen duen emakume bat protagonistatzat hartzea, eta haren ahotik irudimenari buruzko gogoeta ugari tartekatzea eleberrian. Liburuaren ardatzetako bat da. Idazle tolosarrari asko interesatzen zaio noiz, non eta nola agertzen den subjektibitatea idazketa prozesuan. Alexek bere burutik idazteko beharra sentitzen du, batez ere pandemian gurasoak galdu ondoren.
Harremanak dira eleberriaren bigarren hari nagusia, ez bakarrik gurasoekin, bikote ohiarekin eta lankideekin dituen gorabeherak, baita elkarren ezagutzarako sortutako sare sozialek elkarrengandik zenbat urruntzen gaituzten ere. Ugartek uste du pandemiaz geroztik areagotu egin dela joera hori, eta eleberrian kontatzen du protagonistak horri aurre egiteko egiten dituen saiakerak.
Bere buruarekin eta ingurune naturalarekin bat egiteko gogoa ere sumatzen zaio Alexi, eta herentzian jaso duen Saroia baserriaren bueltakoa da eleberrian lantzen den hirugarren hari narratiboa. Landa eremua bizirik dagoen mundu bat bezala irudikatu nahi izan du Ugartek, non protagonistak inguruko animaliak eta landareak deskubritzen dituen, gizakiontzat sortutako objektuak ez direla konturatuz, bizitza propioa duten izakiak baizik.
“"Errealitateak askotan jarriko du Alex bere tokian. Galdera horiek uzten ditu nobelak: aldatzeko erabakia hartu duzunean noraino da aldaketa eta noraino ez? Norberari tokatu zaigun bizimoduaren barruan, zer egin dezakegu aldatzeko? Nola eraiki dezakegu bizimodu berri bat?"
Aldaketa, beraz, ez da tentsiorik gabeko prozesua, eta hori irudikatu nahi izan du Ugartek eleberrian. Harakinen alaba izeneko lan honek hainbat adar ditu, eta idazle tolosarrak aitortu du askatasun eremua izan dela berarentzat, oso eroso aritu dela idazten. Aurreko lanetan bezala, oraingo honetan ere bere bizipenetan oinarritu da, baina argi utzi du fikzioa dela eta pertsonaiaren bizitzak eta bereak ez dutela zerikusirik.
Ugarte pozik dago eleberriak izan duen harrerarekin eta jasotako lehen iritziekin. Espero du laster Tolosan aurkeztu ahal izatea jendaurrean.