Saretzen proiektuaren baitan, EITBk eta TOKIKOM tokiko komunikabideen sareak egindako azterlanak erakusten du Hego Euskal Herriko ibilgailu kopurua etengabe handitu dela azken hamar urteetan. Biztanleria hazi arren, asfaltoaren okupazio-erritmoa azkarragoa izan da: 2014an 1.000 biztanleko 648 ibilgailu zeuden, eta 2024an 673ra iritsi da.
Tolosaldean, ibilgailuen parkea % 13,5 hazi da hamar urtean, 33.426tik 37.923ra. Herrika aztertuta, Aduna nabarmentzen da 1.000 biztanleko 1.778 ibilgailurekin, eta ondoren datoz Belauntza (1.478) eta Albiztur (1.451). 2014an eskualdeko bost udalerritan zeuden biztanleak baino ibilgailu gehiago; gaur egun, berriz, 13 udalerritan gainditzen dute ibilgailuek biztanleen kopurua. Orendainek izan du hazkunde handiena, % 63koa.
Autoen kopurua ere goraka doa eskualdean, batez beste 1.000 biztanleko 498 auto daude, % 16ko hazkundearekin. Belauntza da auto gehien dituen herria (759), eta ondoren Aduna eta Albiztur (738). Tolosa da auto gutxien dituen herrietako bat, 431rekin, nahiz eta azken hamar urtean % 15eko hazkundea izan duen.
Furgoneten kopurua % 18 igo da eskualdean, 2.708tik 3.202ra. Hala ere, sei herritan behera egin du. Aduna da furgoneta gehien dituen herria, lau biztanleko bat duena (250). Ziklomotorren kopurua, aldiz, % 25 jaitsi da, eta kamioien parkea ere % 25 murriztu da, 3.602tik 2.674ra.
Bi gurpildun ibilgailuetan, motozikletak inoizko hazkunderik handiena izan du, % 44koa eskualdean. Albiztur da motozikleta gehien dituen herria (396), eta Gipuzkoak marka historikoa ezarri du 1.000 biztanleko 105,2 motozikletarekin.
Landa-eremuetan, garraio publikoaren gabezia dela eta, ibilgailu pribatuaren menpekotasun handia dago. Mugikortasun eredu alternatiboak, hala nola eskaripeko garraioa edo auto partekatua, beharrezkoak dira hiper-motorizazioari aurre egiteko.




