Ekimen honen helburua da parte hartzaileek estadioari ahalik eta buelta gehien ematea. Buelta bakoitzeko euro bat ordainduko da, eta bildutako dirua Sahararrei laguntzeko erabiliko da. Bost kilometro egiteagatik 12,50 euro, hamar kilometroagatik 25 euro, 21 kilometroagatik 52,50 euro eta maratoia (42 kilometro) egiteagatik 105 euro ordaindu beharko da.
Elkartetik gogorarazi dute taldeka zein bakarka parte hartu ahal izango dela, eta ez dela beharrezkoa lasterka egitea; oinez ere egin daitezke bueltak. Hainbat herritarrek, enpresek, elkarteek eta lagun kuadrillek jada hartu dute parte hartzeko konpromisoa, batzuek itzuli kopuru jakin baten aldeko apustua eginez eta beste batzuek, geroago beste pertsona batek korrika egiteko aukera emanez.
Ekimena girotzeko, elkartasun denda eta taberna jarriko dituzte estadioan bertan. Horrez gain, Saharar haima bat egongo da, eta bertan te sahararra, datilak eta bestelako produktuak eskainiko dituzte.
Bueltaka ez dela soilik korrika egiteko ekimen bat nabarmendu dute antolatzaileek, eta herritar guztiak bertan parte hartzera animatu dituzte. "Saharar herriak bizi duen errealitatea ezagutarazteko, elkartasuna adierazteko eta guztiok goiz eder bat elkarrekin igarotzeko aukera ere bada", adierazi dute. Lagunartean, kuadrillan, laneko lagunekin, kirol taldearekin, aisialdiko lagunekin edo elkarteko kideekin joateko gonbidapena luzatu diete guztiei, ahalik eta buelta gehien ematera.




