Unai Barrena eta Nere Arregi nagusi Otala-Zelai krosean

Aretxabaletako krosak hainbat atleta ezagun eta herri mailako korrikalari bildu zituen, ibilbide gogor eta eder batean.

Irudia generikoa da, baina lasterketa zehatz baten eszenatokia irudikatzen du.
IA

Irudia generikoa da, baina lasterketa zehatz baten eszenatokia irudikatzen du.

Aretxabaletako Otala-Zelai krosak hainbat atleta ezagun eta herri mailako korrikalari bildu zituen larunbatean, ibilbide gogor eta eder batean lehiatzeko.

Ritxar Fernandez, Nere Arregi edota Unai Barrena bezalako atletek, Iñigo Alzola mendi lasterkariak eta Eneritz Urrutia triatletak parte hartu zuten gaurko Otala-Zelai krosean. Herri mailako beste atleta askorekin batera, goiza estutu batekin hasteko asmoz batu ziren Aretxabaletan.
Zirkuitu gutxi izango dira Aretxabaletako lasterketa hau baino ederragoak, baina kontuz ibili behar da azken kilometroarekin. Urkuluko urtegiari itzulia eman eta gero Otala zelaira ostera ere igotzea gogorra egiten da, eta azken 200 metroetan batu ziren ikusleak horren testigu izan ziren.

"Askotan etortzen naiz hona entrenatzera, paradisua delako, baina lehenengoz irabazi dut lasterketa. Gogorra bezain polita da, azken kilometro oso gogorra daukalako. Gu ohituta gaude hemen korrika egitera, onartuta daukagu edertasun hau, baina ez dakigu ondo zer daukagun, ederra da. Aitor [Etxeberria] ezagutzen dut, oso kontrario gogorra da, badakit lasterketa amaieretan oso azkarra dela eta ez nuen gura azken metroetara arte itxaron, lehenago gogortu dut lasterketa eta zorionez lehenengo iritsi naiz."

Unai Barrena · Korrikalaria
Unai Barrenak (0:25:52) irabazi zuen gizonezkoen proba, lasterketa gogortuz eta helmugara lehenengo iritsiz.
Emakumezkoetan, Nere Arregi izan zen azkarrena (0:33:00). "Eneritzekin [Urrutia] batera irten naiz, eta zelan irten garen, zezenak bezela irten da eta haren erritmoari eusten saiatu naiz. Sufritzea tokatu da gaur, kros gogorra da hau, Urkulutik gora baserri arteko bidexka hori hartzen dugunean... Berriro nabil atletismoaz gozatzen, baina neurria hartuta, zoratu gabe. Horrela jarraitzea da asmoa", adierazi zuen Zigarrolakoak.
Bikote mistoetan, berriz, Idoia Nogales eta Alberto Arberas izan ziren garaile. "Debakoa banaiz ere ondo ezagutzen dudan lasterketa da hau, lautan egin dut. Eguraldi aproposa izan dugu lasterketa egiteko. Aldapa behera oso azkar hasten dugun lasterketa da eta gero neurria hartu behar zaio. Baina halako krosak asko gustatzen zaizkit eta ondo ibili gara", adierazi zuen Nogalesek.
Sailkapen osoa hemen kontsulta daiteke.