Azken hilabeteotan, Tolosako bi mendi ibilbideren seinalizazioa berritu da: PR-GI 114 ibilbidea eta Santa Lutzia auzotik Uzturrera doan bidea. Gainera, herrigunean ere turismoari begira seinalizazio berria eta osatua jarri da.
PR-GI 114 ibilbidea, Urkizu eta Monteskue auzoak lotzen dituena, GR-285 ibilbidearen bidez konektatzen da Tolosa erdigunera. 12,6 kilometroko ibilbide zirkular honek basoaren babesa du eta Lizardiren oroitarritik eta Lizarbakar errekatik igarotzen da.
Uzturre mendira igotzeko bidea Santa Lutzia auzotik abiatzen da. 4 kilometroko ibilbide honetan, 6 informazio-panel berri daude bertako ondarearen berri emateko, hala nola ur-putzu zaharrak, San Inazio erietxearen aztarnak, biodibertsitatea eta telegrafo zaharraren arrastoak. Gainera, Oria ibaiaren bailara ikus daitekeen begiratokia ere badu, Txindoki eta Hernio mendiak parez pare dituela.
Nahiz eta ibilbideak ez diren berriak, seinalizazio berriak bisitari berriak erakartzea du helburu. Informazio-panelez gain, zutoin bertikalak jarri dira bidegurutzeetan eta margo-markak indartu dira zalantza guneetan.
Tolosaldea Garatzen eta Tolosako Udala erakundeek sinatutako lankidetza-hitzarmenaren baitan gauzatu dira lan hauek, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak emandako 1.980.400 euroko finantzaketari esker, Next Generation funts europarren bidez. Mendi ibilbideen sorrera eta egokitzapenerako aurrekontua 27.166,37 eurokoa izan da.
Herrigunean ere seinalizazioa berritu da. Felipe Gorriti plazan, Zerkausian, Trianguloa plazan, Beotibar pilotalekuan, San Frantzisko pasealekuan, zezen-plazan, Euskaldunberria zubian eta Zumarditxikian kokapen- eta norabide-panel berriak ezarri dira. Hauek puntu esanguratsuetara (erdigunea, Alde Zaharra, ondare historikoko eraikinak, kultur eta kirol guneak) eta garraioarekin lotutako puntuetara (tren eta taxi geltokiak, aparkalekuak) gidatuko dute herritarrak eta bisitariak.
Era berean, zerbitzu publikoetara (turismo bulegoa, anbulatorioa, liburutegia) eta natura eta aisialdi guneetara (parkeak) ere zuzenduko dute seinale berriek. Panel panoramiko berriek inguruko mendien izenak zehazten dituzte, eta zuhaitz espezieak ere nabarmendu dira.
Ekimen honek guztira 71.116,63 €ko aurrekontua izan du. Horrez gain, Tolosako Udalak eraikinen sarreretan dauden ondare plakak berrituko ditu, lau hizkuntzatan (euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa) eta QR kodearekin, eraikinaren informazioa audiogida moduan eskaintzeko.




