Eskualdeko herriek San Isidro Eguna, baserritarren eguna, ospatuko dute ostiralean, maiatzaren 15ean. Ospakizun honek Tolosaldeak lehen sektorearekin duen lotura estua islatzen du, eta horren adierazle da herri askotan mantendu den tradizioa.
Egun horretan, jan-edanak, bertsolariak, trikitilariak eta dantza emanaldiak izango dira gehien errepikatuko diren ekitaldiak. Herri bakoitzak bere egitaraua prestatu du, baserritarren lana eta kultura goraipatzeko.
Alkizan, esaterako, 14:00etan baserritarren bazkaria egingo da Ostatuan, eta 19:00etan Eskailerapekoa antzezlana udaletxeko ganbaran. Amasan, 10:00etan meza prozesioarekin hasiko da eguna, eta ondoren hamaiketakoa eta 14:00etan bazkaria izango dira. Amezketan, baserritarrentzat afaria antolatu da Zazpi-Itturri elkartean, 21:00etan, Elikalurren eskutik.
Anoetan, Onintza Enbeitaren Bizitza baten txatalak. Andre bat lurrari emana liburuaren aurkezpena egingo da Lasarbe aretoan, 18:00etan. Gainera, larunbatean, auzolanean bideak txukunduko dituzte, 08:00etan plazatik abiatuta. Asteasun, 11:15ean meza izango da, eta ondoren herriko umeen kirol erakustaldia plazan. 12:30ean txistorra eta sagardoa dastatzeko aukera izango da trikitilariek alaituta, eta 14:00etan bazkaria Iturri-Ondo jatetxean, Jexux Mari Irazu eta Maider Arregi bertsolariekin.
Beste herri batzuetan ere izango dira ospakizunak: Baliarrainen nekazari eguneko bazkaria, Berastegin prozesioa eta meza txistulari eta dantzari txikiekin, eta bazkaria udaletxean. Berrobin baserritarren afaria egingo da ostatuan, eta Orendainen meza Andra Mari elizan eta baserritarren bazkaria Ostatuan. Azkenik, Zizurkilen herri kirolak izango dira pilotalekuan 12:30ean, Iñigo Zabala eta Xabat Olaizola pentatloian, eta Udane Ostolaza harri jasotzen, ondoren Iriarte jatetxean bazkariarekin.




