Amasa-Villabonako Txokote parajean landaketa berri bat egin da, bertako baso-espezieen hedapena bultzatu eta biodibertsitatea indartzeko asmoz. Guztira 7.000 zuhaitz inguru landatu dira Villabonako onura publikoko mendian, 4,27 hektareako azalera hartzen duen eremuan.
Landaketa berria Alustiza baserriaren gainaldean kokatzen da. Udalak aurretik bertan zegoen pinudia moztu zuen, eta ondoren eremua naturalizatu eta bertako espezieekin baso iraunkor bat sortzeko lanak egin dira.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendiak eta Habitatak Kudeatzeko Zerbitzuak gauzatu du proiektua. Bertan, 5.500 haritz (Quercus robur) eta 500 urki (Betula alba) landatu dira. Horiez gain, basoaren aniztasuna aberasteko, beste 1.000 ale inguru sartu dira, hala nola, tiloz, gereziondoz, sorbus generoko zuhaitzez, udareondoaz eta sagarrondoaz osatutako espezie laguntzaileekin.
Duela bi urte, Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarrekin pinudi bat moztu zuten Amasamendin, 14 hektareako azalera zuena. Mozketan inguruan hazitako haritz autoktonoak errespetatu ziren.
Teknikariek baloratu dute jatorrizko lursailaren ia heren batean egindako landaketaz gain, gainerako zatietan azpibasoa modu naturalean sortzen ari dela, eta eremu horiek bere kasa lehengoratzeko gaitasuna dutela utziko dutela garatzen.
Ekintza hau Amasamendiko Mendi Publikoen Kudeaketa Jasangarrirako Udal Planaren barruan kokatzen da. Helburua da baso publikoetan kanpoko espezieek hartzen duten eremua gutxitu eta lursailak espezie autoktonoekin osatutako baso natural bihurtzea. Plan honen baitan, 2023an 5.150 haritz landatu ziren Mendabieta inguruan.
Gainera, baso autoktonoen berreskuratzea aldaketa klimatikoaren aurkako neurri gisa ere ulertzen da, bertako espezieekin osatutako basoek atmosferako karbono dioxido kantitatea gutxitzen eta negutegi efektua murrizten laguntzen baitute.




