Joan den astean amaitu zen Tolosa ko Haurren Hiria proiektuaren 12. edizioa. Aurten, 8 eta 12 urte bitarteko 42 ikaslek osatu dute Haurren Kontseilua, Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailatako ordezkariek, ikastetxea, adina, generoa, bizitokia eta jatorria kontuan hartuta. Proiektuaren helburua haurrei hitza ematea da, eta ikasleek Tolosa herri segurua izateko bete beharreko baldintzak aztertu dituzte.
Ikasturte osoan zehar, lan-saioak egin dituzte ingurune seguruak aztertzeko. Saio horietan, adituen eskutik beste leku batzuetako esperientziak ezagutu dituzte, eta ikasleek jasotakoak beren ikaskideekin partekatu dituzte. Gainera, familiekin ere egin dira lan-saioak.
Bildutako guztiarekin, Tolosa nola hobetu daitekeen hausnartu dute herri segurua izan dadin. Horren ondorioz, Haurren Kontseiluko zenbait kidek beren lanaren berri eman diete Tolosako udal eko alkateari eta zinegotziei, bost proposamen zehatz helaraziz.
Proposamen nagusiak kirolaren eta jarduera fisikoaren ingurukoak dira, hala nola frontoi estalia eta futbol zein saskibaloi zelai gehiago eskatuz. Boleibol, errugbi eta teniseko kantxak doan erabiltzeko aukera eta Usabal zein rokodromoaren handitzea ere eskatu dute. Naturan kirola egiteko leku gehiago izatea ere azpimarratu dute.
Mugikortasunaren eta segurtasunaren arloan, herrian seguruago ibiltzeko nahia adierazi dute. Bidegorriak hobetzea eta jarraituak izatea proposatu dute, baita bizikletak uzteko toki estaliak eta alokatzeko aukera izatea ere.
Aisialdia, kultura eta jolasa lantzeko, estalpedun parke gehiago eskatu dituzte, adin guztientzako egokiak, eta liburuak trukatzeko guneak ere bai. Ingurumenari, naturari eta animaliei dagokienez, berdeguneak, arrantza eguneak eta txakurrentzako parkeak proposatu dituzte, baita txakurren gorotzak kontrolatzeko neurriak ere.
Azkenik, herria eta auzoak hobetzeko, semaforoen funtzionamendua eta kaleen argiztapena aipatu dituzte. Zakarrontzi, komun publiko eta iturri gehiago eskatu dituzte, eta liburutegia asteburuetan irekita egotea ere proposatu dute.




