Gidaririk gabeko ibilgailuak martxan jartzea erronka handia da, eta Landago proiektuak, mugikortasun autonomoko eredu aurreratua garatzeko helburuarekin, hainbat lan saio egin ditu dagoeneko Abaltzisketa eta Amezketa arteko errepidean. Aste honetan proba gehiago egingo dituzte ibilbide horretan, eta ibilgailua gainbegiratzeko postu bat egokitu dute Abaltzisketako Logikaline enpresan.
Jon Ander Iñiguez de Gordoa, Vicomtech enpresako ikerlariak, azaldu duenez, azken hilabeteetan "proba asko" egin dituzte, tartean larrialdiko balaztatze probak, oinezkoak irudikatzeko panpinak erabiliz. "Oso ondo" atera zirela nabarmendu du, eta inguru honek Gipuzkoako landa eremuetako ezaugarri asko biltzen dituela gogorarazi du: bihurgune estuak, txirrindulariak eta malda handiak.
Aste honetako probetan, ibilgailuaren "alboko kontrola" eta oztopoak saihesteko maniobrak landuko dituzte. "Proba hauek aukera ematen digute informazio eta datu asko jasotzeko, aztertzeko, eta horien arabera aurreikusi ahal izateko zein ezaugarri dituen eremu honek", adierazi du Iñiguez de Gordoak. Helburua da etorkizunean teknologia hauek landa eremuetara nola egokitu behar diren jakitea.
Iñiguez de Gordoak argitu duenez, Landago ez da garraio autonomoko zerbitzu komertzial bat martxan jartzeko proiektua, baizik eta Gipuzkoa eta bereziki landa eremua etorkizuneko teknologia autonomoetarako prestatzea eta beharrezko informazioa jasotzea du helburu.
Gainera, "urrats garrantzitsu" bat eman dute ibilgailuaren monitorizazioari dagokionez, Abaltzisketako Logikaline enpresarekin elkarlanean gainbegiratzeko postu bat martxan jarriz. Garraio autonomoak ez du esan nahi gizakia erabat desagertzen denik; operadore baten laguntza beharko da sistemaren funtzionamendua gainbegiratzeko eta ezustekoren bat izanez gero kontrola hartzeko.
Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, MUBIL, Vicomtech, BasqueCCAM eta Eurogap partzuergoaren arteko elkarlan zabala da. Xabier Arruti, Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak, nabarmendu du hiri eta landa eremuaren arteko arrakala saihestea dela xedeetako bat, "kotxe autonomoa Donostiara iristen den momentu berean jartzea martxan Gipuzkoako landa eremuan". Unai Andueza Iraeta, Ekonomia Sustapeneko Zuzendari Nagusiak, berriz, proiektuaren garrantzia azpimarratu du "punta-puntako leku batean kokatzen gaituztelako" eta etorkizuneko sektoreetan ekonomia sustatzeko aukera emango duelako.




