Elorri Aldapa ZTB Garbiketakek beste garaipen bat lortu du larunbatean. Artesanos Juantxoren kantxan jokatu dute eta 52 eta 60 irabazi dute. Aste osoko lan saioetan partida zaila izan zitekeela barneratzen aritu da taldea, eta horrek lagundu die neurketan ondo sartzen. Lehen laurdena 7 eta 13 amaitu da, eta atsedenaldi luzera 15 eta 31 iritsi dira.
Partida ondo kontrolatuta zuten alegiarrek, baina aurkariaren jokamolde zoroak ahalbidetu die eibartarrei markagailuan 5 puntura gerturatzea. Jokalariek burua hotz mantendu dute une horretan, eta egoera kontrolpean izan dute azken markagailuak erakusten duen 52-60 horretara iristeko.
Sailkapenean bigarren postuan jarraitzen du Elorri Aldapa ZTB Garbiketakek 14 punturekin. Lehen fasearen amaieran igoera jokoan izango duen multzoan sartzea ondo bideratuta daukate. Larunbatean 16:15ean Duplostock Oarsolezoren aurka jokatuko dute Elorrin, bederatzigarren jardunaldiari dagokion partida. Hori irabazten badute, ia behin betiko urratsa emango dute igoera fase horri begira.




