Tolosako eta Amezketako udalek aurrerapauso berri bat eman dute Bedaioren udalerri aldaketarako prozesuan, bi herrien arteko bide-orria zehaztuz. Herritarrei prozesuaren nondik norakoak azaltzeko eta ekarpenak jasotzeko, aurkezpen saioak egingo dituzte datorren astean. Tolosako saioa ekainaren 22an izango da, 19:00etan, Topic-en, eta Amezketakoa, hilaren 23an, ordu berean, kultur etxeko areto nagusian. Udalek herritarrak parte hartzera animatu dituzte zalantzak argitzeko eta ekarpenak egiteko.
Aurkezpenen ondoren, Tolosako Udalak prozesu bat abiaraziko du Erabaki plataformaren bitartez, herritarren iritziak jasotzeko. Bedaioren udalerri-aldaketari buruzko dokumentazioa eskuragarri egongo da bertan, eta tolosarrek uztailaren 15era arte izango dute ekarpenak eta galderak egiteko aukera, bai online bai Udate zerbitzuko postontzian. Udalak konpromisoa hartu du jasotako iritziei erantzuteko.
Gipuzkoako udal-barrutiak arautzen dituen Foru Arauak (2/2003 eta 5/2025 zenbakidunak) aurreikusten du auzo bat udalerri batetik bereizi eta beste batera atxikitzeko aukera. Bedaioren kasuan, arauak ezartzen dituen baldintza guztiak betetzen dira, bideragarritasun ekonomikoa barne, Siadeco enpresak egindako ikerketaren arabera. Azterlan honek kokapena, azalera, mugaketa, biztanleria, herri-ondasunak, onurak eta bideragarritasun ekonomikoa bezalako funtsezko edukiak jorratzen ditu.
Kokapen geografikoak garrantzi handia du aldaketa honetan: Bedaio Tolosako herrigunetik 17 kilometrora dago eta ez du mugarik beste tolosar auzorekin. Gainera, bedaiotar askoren bizimodua Amezketan errotuta dago, haurrak bertako eskoletara joaten baitira. Amezketa landa-izaerako udalerria da, eta lehen sektoreak garrantzi handia du Bedaion, eguneroko harremana indartuz.
Prozesua udal mailako ekimena izateko, bi herrietako udalbatzaek onartu behar dute abian jartzea. Azken erabakia Gipuzkoako Foru Aldundiak hartuko du. Bi udalbatzaetako alderdiek eta Bedaioko auzotarren ordezkaritza batek erakunde arteko mahai bat eratu dute prozesua gidatzeko.




