Asuncion Klinikako langileek eta sindikatuek Tolosaldeko osasun publikoaren alde eta subrogazioa eskatzeko mobilizazioa…

LAB eta ELA sindikatuek, TOPA plataformarekin batera, Tolosaldeko osasun-ereduaren etorkizunarekiko kezka agertu dute.

Irudi generikoa: Euskal Herriko paisaian kokatutako klinika moderno baten kanpoaldea.
IA

Irudi generikoa: Euskal Herriko paisaian kokatutako klinika moderno baten kanpoaldea.

Asuncion Klinikako langileek, LAB eta ELA sindikatuek deituta, agerraldia egin dute gaur goizean Tolosako Asuncion Klinikan, TOPA plataformarekin batera, Tolosaldeko osasungintzaren etorkizunarekiko kezka agertzeko eta langileen subrogazioa berehala gauzatzeko.

Agerraldian, Tolosaldeko osasungintzaren etorkizunarekiko kezka nabarmendu dute, eta Asuncion Klinikako langileen subrogazioa berehala gauzatzea eskatu dute. "Itxaronaldi luze" baten ondoren, Tolosalderako aurkeztu den Plan Funtzionalak ez duela ospitale publiko bat aurreikusten egiaztatu ahal izan dutela adierazi dute. Aitzitik, zentro soziosanitario bat planteatzen duela salatu dute, eta horrek eskualdeko herritarrek jasoko dituzten osasun zerbitzuak «nabarmen murriztea» ekarriko lukeela uste dute.
Planak ez dituela zehazten funtsezko alderdiak, hala nola kontsulten ordutegiak, maiztasuna edota eskainiko den zerbitzua, eta ondorioz, ez dagoela inolako bermerik herritarrek behar duten arreta sanitario integral eta kalitatezkoa jasoko dutenik gaineratu dute.
Era berean, ez dagoela Asuncion Klinikako langileen jarraipena bermatuta azaldu dute. Gaur egun lanean ari diren 370 langile inguruk ez dute ziurtatuta euren lanpostua, eta horietako askok urteak daramatzate eskualdeko herritarrei funtsezko zerbitzu publiko bat ematen, kudeaketa pribatizatu baten barruan eta askotan prekarietate egoeretan. Gainera, langile horiek urteak daramatzate, herritarrekin batera, Tolosaldeko ospitale publikoaren aldeko aldarrikapenean.

"Ez dugu ahaztu behar langile horietako askok urteak daramatzatela eskualdeko herritarrei funtsezko zerbitzu publiko bat ematen, kudeaketa pribatizatu baten barruan eta askotan prekarietate egoeretan."

Langileak
Horregatik guztiagatik, LAB eta ELA sindikatuek Osasun sailburuari Asuncion Klinikako langile guztien subrogazioa eskatu diote. Bestetik, Asuncion Klinika publiko egitea eta dagoeneko existitzen diren instalazioak baliatuz eskualdeak behar duen osasun zerbitzua ematea eskatu dute, ehuneko ehun publikoa izan dadin, zerbitzu guztiak eskainiz.
Langileen lan eskubideen alde eta Tolosaldeko herritarrek behar duten osasun publikoa, unibertsala eta kalitatezkoaren alde borrokan jarraituko dutela adierazi dute.