Amezketa errekan gasolio isuri bat salatu du Eguzki Talde Ekologistak

Larrialdi zerbitzuei eta Ertzaintzari abisatu diete, eta udan isurketak ugaritzen direla ohartarazi dute.

Amezketa errekan gertatutako isuriaren irudia.
IA

Amezketa errekan gertatutako isuriaren irudia.

Eguzki Talde Ekologistak gasolio isuri bat salatu du astelehenean Amezketa errekan, Alegiako Larraitz auzotik gertu.

Talde ekologistak salatu duenez, isuriaren usaina Larraitz auzoan nabaritu zuten, eta Amezketa errekatik Oria ibairako ubidean sumatu zuten kutsadura. Udaleko langileek 112 zenbakira deitu ostean, Ertzaintza bertaratu zen gertatutakoa ikertzera.
Eguzki Taldeak adierazi du udan isurketen salaketak ugaritzen direla, enpresek «garbiketa» egiten dutelako eta ur emari txikiagoa dela-eta kutsadurak nabarmenago agertzen direlako.

Errekako nahiz itsasoko urak nolanahi kutsatzea ez da inolaz ere normala. Beraz, irmoki salatu behar dira.

Ekologistek herritarrei deialdi egin diete isurketaren bat ikusiz gero 112 larrialdi zenbakira deitzeko, protokoloa martxan jarri eta Ura agentzia ko ikuskatzaile bat lekua ikertzea joan dadin.
Halaber, jarraipena egiteko eta «hala badagokio» publikoki salatzeko, harremanetan jartzeko gonbidapena luzatu dute eguzki.eguzki@gmail.com helbide elektronikoan.
Alegiko salaketaz gain, talde ekologistak beste isuri bat ere seinalatu du aste berean, Martutene auzoan, Urumea ibaian, 27. poligonotik gertu.