Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako ingurumen txosten baten arabera, Premier Groupek Amasamendin eraiki nahi duen makroproiektu eolikoak eragin "nabarmena" izango luke arrano beltza, sai zuria eta miru gorria bezalako hegazti babestuengan. Horren aurrean, udalak behin-behinean eten ditu enpresarekin dituen harremanak, proiektua ingurumen ikuspegitik egingarria dela frogatu arte.
Beatriz Unzue alkateak eta Xabat Laborde alkateordeak azaldu dutenez, enpresak uztailean aurkeztuko du behin betiko proiektua Eusko Jaurlaritzan, eta hilabeteko epea egongo litzateke alegazioak egiteko. Udalak, opor garaia dela kontuan hartuta, epe luzatzeko eskaera egingo duela iragarri du, eta dokumentuak aztertu ondoren, beharrezkoak ikusiz gero, alegazioak aurkeztuko dituela.
Proiektuaren inguruko azken berriak hedabideei eta herriko eragileei eman zizkieten maiatzaren 28an. Udalak azpimarratu du natura ingurunea eta bertako ekosistema zaintzea lehentasunezkoa dela, eta babestutako espezieei kalte nabarmena eragitea "gainditu ezin den marra gorria" dela.
Eusko Jaurlaritzak emango du proiektuaren inguruko azken baimena. Jaurlaritzak inpaktu positiboa emango balu, udalak herri galdeketa antolatuko duela iragarri du, herritarrek zuzenean erabaki dezaten lur horiek enpresaren esku utzi ala ez. Udalaren arabera, enpresak udalarekin adostuta egin nahi du proiektua, eta erabaki hori onartu beharko luke.
Beatriz Unzue alkateak gogorarazi du udal gobernuak 2025eko otsailean jaso zuela proiektuaren berri eta maiatzean hasi zituela elkarrizketak Premier Groupekin. "Herriaren interesak" defendatzeko baldintza zorrotzak ezarri dituztela argudiatu du, eta horrek eragin du aerosorgailuen kokapena aldatzea, baserrietatik 300 metrora egon beharrean orain 500 metrora kokatuz.
Enpresari jarritako beste baldintza batzuk dira herri lurren lagapena onartzeko herritarren gehiengoaren babesa izatea, zentral eolikoaren jabetzaren %20 udalak publikoki izatea eta energia hornidura merkeagoa izatea herritarrentzat eta bertako jarduerentzat.
Udalak energiaren auziaz duen ikuspegia nabarmendu du: "Herriaren borondatea eta ingurumenaren babesa lehentasunezkoak dira", nahiz eta energia berriztagarrien hedapena beharrezkoa den. Hala ere, trantsizio hori "ezin da edozein preziotan egin", eta ingurumenaren zein ekosistemen babesa "ezinbesteko baldintza" dela gaineratu du.




