Alegia auzoan, Itsaso, Ormaiztegi eta Gabiria batzen dituen gunean, Madalena jaiak ospatu dituzte asteburuan. Jaietako egun nagusia, asteazkena, uztailaren 22an izango da.
Ostiral arratsaldean hasi ziren jaiak, eta bertako zein inguruko bizilagunak elkartzeko gune izan dira. Sagardo dastaketan jende ugari bildu zen, eta iluntzean egindako herri afarian 270 lagunek parte hartu zuten. Joselu Anaiak taldearen erromeriak girotu zuen afaria, Alegiko frontoia beteta zela.
Larunbatean, egun lasaiagoa izan zen. Arratsaldean, mus eta toka txapelketak jokatu ziren, eta Itsasoko Ostatukoak eskainitako parrilladan 130 lagun inguru elkartu ziren iluntzean. Larunbata, bereziki, auzokoentzako eguna izaten da.
Asteazkenean, jaietako egun nagusia ospatuko dute. Eguna meza nagusiarekin hasiko da 12:00etan, Izazpe abesbatzak lagunduta. Ondoren, 12:45ean, antzinako autoen erakusketa izango da. Bertan, 1910eko Hispano Suiza bat eta 1956ko Peugeot 203 bat, besteak beste, ikusgai jarriko dituzte. Antzinako motorrak eta bizikletak ere erakutsiko dira, hamaiketako herrikoiarekin batera.
Arratsaldean, haurrentzako jolas parkea eta merienda izango dira. Iluntzean, 20:30etik aurrera, ardo dastaketa gidatua izango da, Manu Hernandez Itsasoko Ostatukoak eskainita. Bost ardo eta horiei lotutako bost pintxo dastatu ahal izango dira. Azkenik, Dj Unairen dantzaldiarekin agurtuko dituzte jaiak.




