Euskal Pilota Egokitua Zirkuituaren Gipuzkoako Irekiko finalak Zumarragako Beloki pilotalekuan jokatuko dira igande honetan, apirilaren 12an. Guztira hiru final izango dira: bi adimen urritasun mailan eta bat gurpildun aulkian. Azken honetan lehiatuko da Aingeru Senperena goiaztarra.
Gurpildun aulkiko finalak errebantxa kutsua du, Edorta de Anta eta Beñat Lizaso atzelariek Basaurin jokatutako Bizkaiko Irekiko finala errepikatuko baitute. Orduan De Antak irabazi zuen Sergio Rodriguezekin batera. Zumarragako finalean, De Anta Joseba Lasarekin arituko da, eta Beñat Lizasok Aingeru Senperenarekin osatuko du bikotea.
“"Aukerak zabaltzea, ikusgarritasuna ematea, espazioak konpartitzea izan da, bere hastapenetatik, txapelketa hauen helburu nagusia eta Gipuzkoako Ireki honek berretsi du, aurretik geratzen den bidea luzea den arren, norabide egokian pausoak ematen ari garela."
Iker Amarika zirkuituaren arduradunak adierazi duenez, inoiz baino parte-hartze handiagoa izan da, batez ere adimen urritasun mailan, eta horregatik bi maila ezarri dituzte: hastapenekoa eta nagusia. Hastapen mailan Unai Dios-Daniel Calviño eta Joel Garcia-Tanya Fernandez bikoteak lehiatuko dira. Maila nagusian, berriz, Lander Ortega-Eneko Sagarmendi eta Hodei Asteasu-Xabat Askasibar arituko dira. Eneko Sagarmendik badaki zer den Gipuzkoako Irekiko txapela irabaztea eta errepikatzen saiatuko da.
Gipuzkoako Pilota Egokituko finalak ETB-1ek zuzenean emango ditu, eta bere plataformetan ere jarraitu ahal izango dira. Zumarragak lehen aldiz hartuko ditu mota honetako finalak, eta antolatzaileek herritarrak gonbidatu dituzte pilotalekura.




