Alternative Division elkarteak antolatuta, eta Elgoibarko Udalaren laguntzarekin, Osynth Eguna ospatuko da aurten bigarren aldiz. Jaialdi hau musika elektronikoaren inguruan antolatzen da, eta iazko edizioan Beñat Gutierrez Arrieta taldekide eta laguna oroitzeko baliatu zuten.
Aurtengo kartelburua Matteo Manfellotti musikari eta soinu ingeniari italiarra da, Waveratio 618 proiektuaren sortzailea. Antolatzaileek azaldu dutenez, Manfellotti "soinu-ingeniaria, biniloari leiala kabinan eta baita zuzeneko artista ere" da, eta "saio bakoitzari izaera gordin eta organikoa ematen dion ikuspegi analogikoa" du.
Jaialdia Maalako eszenatokian izango da larunbatean, 18:00etatik 24:00etara bitartean, Waveratio 618 eta Alternative Krew arituko direlarik musika jartzen. Gauerdian, Sutegixa Gaztetxean hasiko dute saioa Christian Bonanata, The Zenobit3 eta Waveratio 618 hirukoteak, goizaldeko 06:00ak arte.
Elgoibarren Manfellotti zuzeneko formatuan arituko dela aurreratu dute, break, EBM, electro, techno eta acid house estiloak uztartuko dituen emanaldian.




