Ekitaldian, taldeko egungo kideekin batera, azken 60 urteetan taldean ibilitako kide ohiak ere aritu ziren dantzan. Mokilmazo Samalda txistulari taldearen laguntzarekin, dantzari guztiak, haur, gazte zein heldu, kalejiran joan ziren Fernando Eskoriatza plazara arte. Bertan, ikusleen txalo zaparrada artean hainbat dantza eskaini zituzten.
Ane Arrieta, zuzendaritzako kidea, pozik agertu zen ekitaldiaren arrakastarekin: "Oso eskertuta gaude espero baino jende gehiago batu delako. Garai batean dantzan ibilitako hainbatek ez dute dantzan egin baina honen parte izateko gogoa bazuten eta bazkaltzeko izena eman dute eta ikusten ere izan dira".
Dantza erakustaldien ostean, sorpresa txiki bat izan zen antolatzaileentzat. Mokilmazo Samalda txistulari taldeari, oholtzatik jaisteko eskatu eta omenaldi bat egin zieten, urte guzti horietako lana eskertzeko.
Txistulari taldea ez zen ekitaldiko omendu bakarra izan. Ekitaldiaren lehen unetik izan zuten gogoan Mario Padilla, urteurren ospakizunak bere heriotzaren urtemugarekin bat egin zuelako. Txistulari eskoriatzarraren gidaritzapean sortu zen dantza taldea, eta taldearen urteurren honetan merezitako aitortza egin zioten.
Fernando Eskoriatza plazan egindako ekitaldi nagusia Goienak osorik jaso zuen eta maiatzaren 21ean, ostegunean, emango du Goiena telebistak, 22:00etan; ondoren, Goiena.eus atarian ere ikusgai jarriko da.
Etorkizunari ilusioz begira dago Goroarri dantza taldea. Taldeko kideek azaldu dutenez, azken urteetan goranzko joera nabarmena izan du taldeak, eta gaur egun bizi duen egoerarekin oso gustura daude. Parte hartzea handitzen joan da pixkanaka, eta gero eta herritar gehiago ari dira dantzaren bueltan biltzen, belaunaldi berrien interesa ere nabarmen handituz. Horregatik, orain arte egindako lanari eta hartutako norabideari eutsi nahi diote hemendik aurrera ere. Dantzak herrian duen lekua sendotzen jarraitu nahi du Goroarrik.




