Indamendi Mendi Bazkunak bi irteera antolatu ditu asteburu honetarako, mendian korrika edo oinez ibiltzea gustuko dutenentzat. Lehenengo irteera, korrika egiteko, larunbatean, maiatzaren 25ean, izango da Larrun mendira. Parte-hartzaileak Olhette tik (Urruña) abiatuko dira eta Berara arteko bidea egingo dute, nahi duenak Larrun (900 metro) igotzeko aukera izango duelarik.
Ibilbideak 19 kilometro eta 1.087 metroko desnibel positiboa du, eta antolatzaileen arabera, korrika ibiltzen den edonorentzat egokia da. Ibilbide laburrago bat ere egin daiteke, 14 kilometro eta 893 metrokoa. Irteera honen helburua ingurunea ezagutzea eta taldekideekin egunaz gozatzea da. Berara iritsitakoan, bazkari bat egingo da elkarte batean, 10 euroko prezioan (edaria aparte). Dutxatzeko eta aldatzeko aukera ere izango da.
Irteera autobusez egingo da, 07:30ean Patxita Etxezarreta kaletik (Kantauriko geltokia) abiatuta. Arroa Behea n eta Arroako bidesarian ere geldialdiak egiteko aukera izango da, aurretik abisatuz. Autobusaren prezioa 15 eurokoa da bazkideentzat eta 20 eurokoa bazkide ez direnentzat. Izen-emateak Indamendi ren webgunearen bidez egin behar dira.
Igandean, maiatzaren 26an, oinezkoen txanda izango da. Izkiko Natura Parkera irteera egingo da, Durruma Kanpezu (Bernedo, Araba) eta Apilaiz (Arraia-Maeztu, Araba) arteko ibilbide batean. Ibilbidean Peña del Santo (1.037 metro), Muela (1.055 metro), Soila (994 metro) eta Mantxibio (937 metro) tontorrak igoko dira.
Egun osoko ibilaldi honek 17 kilometro inguru eta 730 metroko desnibel positiboa eta 800 metroko negatiboa ditu. Bazkaria motxilan eramatea gomendatzen da. Autobusa 07:30ean aterako da Patxita Etxezarreta kaletik, eta Arroa Behea n eta Arroako bidesarian ere geldialdiak egingo dira. Autobusaren prezioa 15 eurokoa da bazkide helduentzat, 20 eurokoa bazkide ez direnentzat eta 5 eurokoa haurrentzat. Izen-emateak webgunearen bidez egin behar dira.




