Arabako 160 eragile baino gehiagok makroproiektuen aurka mobilizatzeko deia egin dute

Maiatzaren 23an Gasteizen egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute, lurraldearen espekulazioaren aurka.

Irudi generikoa paisaia natural baten mehatxuari buruz.
IA

Irudi generikoa paisaia natural baten mehatxuari buruz.

Maiatzaren 23an, Gasteizen, "Makroproiekturik ez!" lelopean manifestazio bat egingo da, Arabako lurraren defentsan diharduten hainbat plataformak deituta.

Arabako lurraren defentsaren aldeko hainbat plataformak dei egin dute maiatzaren 23an Gasteizen "Makroproiekturik ez!" lemapean egingo den manifestazioan parte hartzeko. Deialdi honek Arabako 75 administrazio-batzar eta udal baino gehiagoren, eta Euskal Herriko ia 90 kolektibo eta eragile sozialaren babesa jaso du. Antolatzaileek adierazi dutenez, makroproiektu hauen eskala handiak ez du gizartearen beharrak asetzea bilatzen, baizik eta sustatzaileei errentagarritasun handia eskaintzea.
Plataformek salatu dute lurraldean industria-makroproiektuak agertzen jarraitzeak negozio hutsaren eta espekulazioaren logikari erantzuten diola, herritarren beharrak erabat alde batera utzita. Azken aldian era guztietako industria-proiektu handiak pilatzen ari direla gogorarazi dute Araban: Abiadura Handiko Trena, makro-zentral eolikoak eta fotovoltaikoak, goi-tentsioko lineak, makro datu zentroak, biometanizazio makro-plantak, zentro logistikoen eta industrialdeen zabalpena, harrobiak, dikeak, aireportuaren zabalpena eta errepide bidezko merkantzien garraioa areagotzeko proiektuak. Proiektu horiek guztiek ezaugarri berberak dituzte antolatzaileen esanetan: "Eskala handiko proiektuak dira, eta haien eraikuntzarako ezinbestekoa da gure landa-eremuen eta ingurune naturalen suntsiketa".
Egoera hau Euskal Herriko beste lurralde batzuetan ere ematen dela gogora ekarri dute, "Araban pairatzen ari garen antzeko makroproiektuekin, sustatzaile berdinak, eta interesdun instituzio publikoen utzikeri eta informazio eskutatze berberarekin". Politika instituzionalari ere kritika egin diote, jarraitzen ari diren ereduak lurralde-industrializazioa bultzatzen duela eta Araba "espekulazio taula" gisa erabiltzen duela iritzita. "Espoliazio honek paisaia mintzen du, ondasun naturalak pribatizatzen ditu, lur eta mendi komunalak desjabetzen dizkigu, landa-eremuko bizi-proiektuak hausten ditu eta gure komunitateak abandonura bultzatzen ditu".
Horren barruan, Eusko Jaurlaritzaren egungo Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS) aipatu dute, "interes finantziarioen mende dagoen tresna gisa funtzionatzen du eta multinazional energetikoentzat jarritako alfonbra gorri bihurtu da". Era berean, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) babestutako azelerazio-politikak zentsuratu dituzte, eta diru publikoko 80 milioi eurorekin inbertitzaile pribatuak erakartzea leporatu diote, makroproiektuak LPSan izendatutako "sakrifizio eremuetan" instalatzea errazteko.
Lurra defendatzeko eta "makroproiektuen espekulazioari uko egiteko" maiatzaren 23ko manifestazioa Gasteizko Bilbo plazatik abiatuko da, 18:00etan. Mobilizazio hau bultzatu duten Arabako eragileetako batzuk dira AHTrik Ez Arabako Haranak, AHTrik Ez Lautada, Aiaraldeko Mendiak Bizirik, Araba Bizirik, Arabako Errioxa Bizirik, Arabako Mendiak Aske, Aramaixo Bizirik, ATACA, Biharko Lautada, Dikerik Ez, Horrela Ez Argantzun, Horrela Ez Badaiotz, Horrela Ez Iruña Oka, Horrela Ez Kuartango, Horrela Ez Lautada, Horrela Ez Valles Alaveses, Legutio Borrokan, Por Trespuentes, Proiektu Honi Ez! (Arratzua-Ubarrundia), SOS Margarita, UAGA, Urkabustaiz Babestuz, Zigoitia Bai eta Zuia Bidean.