Eusko Jaurlaritzak adimen artifiziala (IA) aprobetxatu nahi du, baina betiere gizakien kontrola eta erabakitzeko gaitasuna galdu gabe. Hala adierazi du Maria Ubarretxena sailburuak gaur Bilboko Euskalduna Jauregian, DOK Summit teknologia kongresua inauguratzean. "Adimen artifiziala erabiltzeak ez du esan nahi etxearen giltzak ematea", ohartarazi du.
Ubarretxenaren arabera, IAren inguruko eztabaida "ez da soilik teknologiarena, boterearena baizik". "Guk erabaki nahi dugu", azpimarratu du, Europako buruzagien azken goi-bilera batean ere gai horri buruz hitz egin dela gogoraraziz.
Sailburuak nabarmendu duenez, helburua "gizakien kontrola mantentzea" da, herritarren datuen babesa eta zerbitzu publikoen erabakitzeko gaitasuna bermatuz. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak IAren Estrategia garatu du, eta horren baitan kokatzen da Herri-adimenaren kontzeptua, "herrialdearen adimena adimen artifizialaren aurretik" jartzen duena.
Adibide gisa, Batera, Jaurlaritzaren hodeia, aipatu du, eta horren esperientziatik abiatuta ari dira eraikitzen ArgIA, Euskaditik gobernatutako eta kode irekian oinarritutako IA azpiegitura publikoa. EJIEko (Eusko Jaurlaritzaren Sozietate Informazionala) arduradunek, Javier Celak eta Aitor Caberok, plataforma bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute bertaratuek arratsaldeko saioan.
Ubarretxenak gaineratu duenez, "soberanotasunak ez du esan nahi dena guk geuk egitea", eta lankidetza aldarrikatu du enpresekin, klusterrekin eta profesionalekin. "Ekosistema bat behar dugu", esan du.
Azkenik, teknologiak pertsonen zerbitzura egon behar duela azpimarratu du, eta "adimen artifizialak hobeak egin gaitzala, baina erabakiak guk hartzen jarraitzea" desio izan du.
DOK Summit, LibreCon software librearen konferentziaren ondorengoa, gaur eta bihar ari da ospatzen Bilbon, eta 1.200 pertsona inguru bilduko ditu adimen artifizialaren, talentuaren, datuen, zibersegurtasunaren eta kode irekiaren inguruan.
Ekitaldiaren hasieran, GAIAko presidente Elena Zarragak, ESLEko presidente Iker Sagastik, Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enpleguko zinegotzi Kontxi Claverrek eta Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetako foru diputatu Ager Izagirrek ere parte hartu dute.




