'Bilbo Eskutan', 'Zoriona', '¡Que rule Marijaia!', 'Los retazos de Marijaia', 'En volandas' eta 'Un abrazo azul para Bilbao' dira Bilboko Aste Nagusia 2026rako hautatutako sei kartel finalistak. Lan hauek Bilboko Jai Batzorde Mistoaren presidente eta Jaietako eta Berdintasuneko zinegotzi den Itziar Urtasun, zinegotzi Asier Abaunza eta Eider Bilbao, Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko presidentea den Susana Alaguero, kultur kudeatzaile Laura Marchante, argazkilari Bego Elexpe, kazetari Andoni Calvo, Logoritmoko diseinatzaile Iraide Eguia eta Bilboko Konpartsak-eko ordezkari batek osatutako epaimahaiak aukeratu ditu.
Aurten, guztira 276 lan aurkeztu dira. Gainera, epaimahaiak Borja Sanz, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko doktorearen aholkua izan du adimen artifizialaren erabilerari buruz. Orain, Bilboko bizilagunek aukeratuko dute zein kartel ordezkatuko duen hobeto Aste Nagusia.
Herritarrek ekainaren 15etik 21era eman ahal izango dute botoa, bai online, Udalaren webgunearen bidez, baita aurrez aurre ere, Ibaiondoko Udaltegian. Behin botoak jasota, epaimahaia berriro bilduko da behin betiko balorazioa egiteko, eta emaitza ekainaren 24an jakinaraziko da. Egile irabazleak 3.000 euroko diru-saria jasoko du.
Herritarren botoek, online zein aurrez aurrekoek, %70eko pisua izango dute, eta gainerako %30a epaimahaiaren irizpideari dagokio.




