Euskal Herri osoan alarma gorria ezarrita dago muturreko beroagatik, eta horren ondorioz, herri askok bertan behera utzi dituzte ekainaren 23an egin ohi diren San Joan suak. Gainera, Ipar Euskal Herrian eskolak itxi dituzte eta Baionan babesleku klimatikoak ezarri ditu udalak.
Klima aldaketaren eta El Niño fenomenoa bezalako faktoreen eraginez, Europak 40 gradutik gorako tenperaturak bizi ditu egunotan. Horren aurrean, Iruñea, Berango, Urretxu, Gernika, Barakaldo, Muxika eta Sopela bezalako herriek, besteak beste, bertan behera utzi dute sua ospatzea. Eusko Jaurlaritzak erabakia udalen esku utzi du, eta Nafarroako Gobernuak, berriz, tokiko erakundeei surik ez egiteko aholkua eman die.
Haur eta adinekoak babesteko neurriak ere hartu dira. Haurreskolak Partzuergoko zentroak itxita egongo dira ostegunera arte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Baionan, Herriko Etxeak ikastetxe publikoak ixteko agindu du eta Jean-Dauger errugbi estadioko gela klimatizatuak haurrentzako babesleku gisa erabiliko dira.
Adituen arabera, beroaldi hau klima aldaketarekin lotutako hainbat faktorek eragin dute, hala nola El Niño fenomenoa eta Atlantikoko iparraldeko AMOC korrontearen balizko kolapsoa. ClimaMeter Europako elkarteak adierazi duenez, klima aldaketarik gabe Parisko tenperaturak 2,4 gradu apalagoak lirateke, eta beste leku batzuetan 4 gradu apalagoak.
Gaueko tenperaturen gorakadak "estres termikoa" areagotu du. Ordizian, esaterako, astearte gaueko tenperatura minimoa 26,4 gradutik ez zen jaitsi. Nature Climate Change aldizkariak argitaratutako ikerketa baten arabera, Europan gau itogarriak 3,4 bider gehiago dira orain, eta munduan "estres termiko larria" bizi duten pertsonak mila milioi inguru dira.
Klima aldaketak eragindako kalteak, beste hondamendi batzuetan bezala, herrialde behartsuek eta sektore zaurgarrenek jasaten dituzte batez ere. Lancet Countdown txostenaren arabera, urtero 546.000 lagun inguru hiltzen dira beroaren ondorioz.




