Hautaketa-probak hiru ordutegi-bloketan egingo dira: goizeko 9:30ean, eguerdiko 13:30ean eta arratsaldeko 17:30ean. Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, izena emateko epea martxoaren 23an ireki zen bederatzi kategoria horietarako.
Osakidetzaren EPE berri honek aurreko deialdiekin alderatuta hainbat berrikuntza dakartza. Horien artean, plaza lortu ezean probaren nota gordetzeko aukera dago, eta test motako azterketa bakarra egingo da. Azken hori errazteko, Osakidetzak hautaketa-prozesu bakoitzeko galdera-sortak jarri ditu hautagaien eskura, probak prestatzen laguntzeko.
Guztira, Osakidetzaren 2023-2024-2025eko EPE berriak 5.425 plaza eskainiko ditu, horietatik 2.160 berriak direlarik 107 kategoria profesionaletarako. Lehen hautaketa-probak bederatzi kategoria profesionalentzat izango dira: administrazio eta kudeaketako goi-mailako teknikaria, fisioterapeuta, laborategiko teknikari espezialista, zeladorea, erizaintzako laguntzailea, zerbitzuetako operadorea, erizaina, administrazio-laguntzailea eta administratiboa.




